Kronologia. Ia zazpi urteko bide gogorra »
2003. URTEA
Otsailak 20. Euskaldunon Egunkaria
euskarazko kazeta itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak,
Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Joan
Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello
Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia
(2006an hil zen) eta Inma Gomila izan ziren atxilotutakoak.
Otsailak 21. Egunkaria-ko langileek Egunero egunkaria atera zuten. Lehen egunean 70.000 ale saldu zituen Egunero-k, eta BERRIA atera artean iraun zuen (2003ko ekainaren 21ean sortu zen BERRIA; une hartan ia hamasei mila akziodun zituen).
Otsailak 25. Guardia Zibilaren
esku bost egun inkomunikatuta egin ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga,
Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen
epaileak. Aldiz, Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia aske utzi zituen,
bermea ordainduta. Zubiriari 72 orduz luzatu zion inkomunikazioa
epaileak.
Urriak 16. Martin Ugalde Kultur Parkearen eta Egunkaria-ren
enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del
Olmok aginduta, eta zortzi lagun atxilotu zituen: Mikel Arrizabalaga,
Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel
Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.
Urriak 20. Eneko Etxeberria Egunkaria-ren enpresako abokatua atxilotu eta inkomunikatzeko agindu zuen Del Olmok, Auzitegi Nazionalean bertan.
Urriak 21. Arrizabalaga, Diez,
Etxeberria eta Hernandez bermerik ordaindu gabe libre geratu ziren.
Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila
euro ordainduta. Denak inkomunikatuta eduki zituzten.
2004. URTEA
Abuztuak 2. Iñaki Uria izan zen Egunkaria auzia zela-eta aske geratzen azkena. 2004ko abuztuaren 2an atera zen, 450.000 euroko bermea ordaindu ondoren.
Urriak 15. Martin Ugalde Egunkaria-ren sortzaileetakoaren kontu korronteak desblokatu zituen Auzitegi Nazionalak, hura hil eta 11 egunera.
Azaroak 4. Auzipetze autoa
kaleratu zuen Del Olmok: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria,
Oleaga eta Alegria auzipetu zituen instrukzio epaileak. Joxemi Zumalabe Egunkaria-ren sortzaileetakoa ere bai, hura hilik egon arren.
Abenduak 25. Auzipetzeak
berretsi zituen epaileak, Joxemi Zumalaberena salbu. Defentsa abokatuek
dei helegiteak aurkeztu zituzten zigor aretoan.
2005. URTEA
Otsailak 22. Europako Legebiltzarreko 22 diputatuk Egunkaria auzia
artxibatzeko eskatu zuten: Legebiltzarreko lehendakariorde Gerard
Onestak, lau talde politikotako kideek (Independentzia eta Demokrazia
Taldea, Europako Aliantza Librea, Berdeak eta Europako Liberalen eta
Demokraten Aliantza) eta talderik gabeko batek.
Urriak 19. Espainiako 61 diputatuk eta senatarik (EAJ, EA, Nafarroa Bai, CC, IU-IV-ICV, ERC, CiU, BNG, CHA taldeetakoak) Egunkaria-ren aurkako kasua artxibatzeko eskatu zuten, ebazpen baten bidez.
Azaroak 18. Egunkaria auzia ixteko eskatu zuten Eusko Legebiltzarrean EAJk, EAk, EBk, EABk eta Aralarrek.
2006. URTEA
Urtarrilak 26. Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salak auzipetuen abokatuek jarritako helegiteak aztertu zituen.
Abenduak 15. Egunkariai
ixteko arrazoirik eta deliturik ez zegoela aitortu, eta auzia ixteko
eskatu zuen Miguel Angel Carballo Espaniako Auzitegi Nazionaleko
fiskalak.
2007. URTEA
Martxoak 29. Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deituta, auzi ekonomikoa berpiztu zuen Del Olmok.
Maiatzak 10. Egunkaria auzia (kazetaren itxierari buruzkoa) epaitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak.
Ekainak 14. Fiskalak ez zuen akusaziorik aurkeztu kalifikazio idatzian.
Azaroak 28. Del Olmok auzi ekonomikoan epaiketa egitea erabaki zuen, prozedura laburtuaren bidez.
2008. URTEA
Urtarrilak 24. Salak erabaki zuen auzi ekonomikoaren epaiketa Auzitegi Nazionalean egitea.
Otsailak 20. Egunkaria-ren
itxieraren bosgarren urteurrena bete zen. Hainbat lagunek eta eragilek
elkarretaratzea egin zuten urteurren hartan ere Andoainen (Gipuzkoa),
Martin Ugalde Kultur Parkean. Eusko Jaurlaritzak berriro eskatu zuen
auzia artxibatzeko.
2009. URTEA
Apirilak 15. Egunkaria-ko auzi ekonomikoan hainbat eginbide berriro egiteko eskatu zuen Auzitegiak.
Maiatzak 13. Auzi ekonomikoko
hiru inputaturi lehen aldiz deklarazioa hartu ondoren (Joan Mari
Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendiri), auziarekin aurrera egitea
erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.
Ekainak 23. Kazetaren itxierari
buruzko azkeneko auzi saioa egin zuten Auzitegi Nazionalean, 2. Salako
epaimahaiaren aurrean (Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta
Manuela Fernandez epaileek osatua). Carballo fiskalak auzia behin betiko
ixteko eskaera egin zuen. Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua Egunkaria-ko defentsa abokatuek ere bai. AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek epaiketa egiteko eskatu zuten.
Uztailak 30. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salako epaimahaia Egunkaria auzia
epaitzearen alde agertu zen, eta epaiketa egin egingo zen, hortaz.
Pello Zubiria eta Xabier Alegria auzitik kanpo utzi zituen: aurrenaren
kasuan iraungitutzat jo zuelako kasua eta bigarrenaren kasuan ETAko kide
gisa lehen epaitu zutelako (18/98 auzia-n). Bost auzipetu geratu ziren, beraz: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga.
Uztailak 31. "Sekulan abandonatu
ez gaituen euskal gizarteari bere laguntza, arnasa eta babesaren
beharrean jarraitzen dugula esan behar diogu, hemendik epaiketara begira
bereziki", adierazi zuten bost auzipetuek Andoainen egindako
agerraldian. "Euskara sustatu izanaren errudun, euskal kultura sutsuki
sustatu izanaren errudun, euskal komunikabidegintzan gartsuki jardun
izanaren errudun... bai. Baina euskara sustatzeak, euskal kultura
sustatzeak, euskal komunikabidegintzan jarduteak ez gaitu ETAkoak
bihurtzen, tesi polizialak eta akusazio popularrak baieztatzen duen
moduan".
Azaroak 26. Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuen abenduaren 15ean hasiko zela epaiketa.
Abenduak 15. Egunkaria-ren
kontrako epaiketaren hasiera, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nagusian.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta
Xabier Oleaga auzipetuek deklaratu zuten. Miguel Angel Carballo fiskalak
ez zien ezer galdetu -bere garaian auzia ixteko eskatu zuen-, eta
auzipetuek ziurtatu zuten Egunkaria-k ez zuela loturarik izan ETArekin. Babes handia jaso zuten Madrilen ere, Euskal Herriko eragile asko joan baitzen.
Abenduak 16. Epaiketaren bigarren saioa. Guardia zibilek deklaratu zuten; hiruk. Guardia Zibilak itxi zuen Egunkaria,
Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Epaiketako
bigarren egunean, fiskalak guardia zibilei ere ez zien ezer galdetu, eta
horiek ez zuten frogarik aurkeztu.
Abenduak 19. Manifestazio erraldoia egin zen Bilbon, Egunkaria-ren
epaiketaren aurka eta auzipetuen alde. Milaka eta milaka lagun batu
ziren. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo
Otamendi eta Xabier Oleagak orduan ere babes zabala eta askotarikoa jaso
zuten. "Bildu beharra dauka herri honek", esan zuen Torrealdaik,
auzipetuen izenean. "Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez
euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten".
2010. URTEA
Urtarrilak 12. Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola euskal presoek azpimarratu zuten ETAk ez zuela Egunkaria-ren
sorreran parte hartu. Guardia zibilek adierazi zuten auziko atxiloketa
garaia "normal" joan zela, eta ez zuten kazetaren eta ETAren ustezko
loturaz orduan ere frogarik aurkeztu. Presoek eta guardia zibilek lekuko
gisa deklaratu zuten, akusazioek eskatuta.
Urtarrilak 25. Egunkaria-ren
independentzia eta pluraltasuna defenditu zuten defentsaren hiru
lekukok: Iñaki Zabaleta Egunkaria Sortzen taldeko partaideak, Imanol
Murua Uria kazetako langile ohi eta Egunkaria Sortzeneko kideak, eta
Jose Luis Zinkunegi jesuiten buruak. Fernando Berridi defentsaren lekuko
eta ABC-ko zuzendari orokorrak ere hitz egin zuen; El Diario Vasco-ko gerentea zela inprenta arloan izan zuen Egunkaria-rekin harremana "normala" izan zela zioen. Txomin Aizpurua ETAko kide ohi eta preso izandakoak adierazi zuen ez duela Egunkaria-ren
sorrera garaiko txostenik ezagutzen -akusazioaren lekuko gisa deklaratu
zuen-. Bi guardia zibilek ere deklaratu zuten, eta ez zuten frogarik
aurkeztu.
Urtarrilak 27. Bukatutzat eman zituzten Egunkaria-ren
aurkako epaiketako auzipetuen, bi aldeetako lekukoen eta perituen
deklarazioak, eta Miguel Angel Carballo Espainiako fiskalak jakinarazi
zuen ez zuela Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo
Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen aurkako zigorrik eskatu.
Auzibidean kasua artxibatzeko eskaera egin zuen fiskalak, deliturik
ikusten ez zuela argudiatuta. Defentsak ere orduan ez zuen zigorrik
eskatu. Aldiz, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek bai; lehengo
eskaerei eutsi zieten -12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak-.
Egun hartako saioan bertan, defentsaren lekukoek berretsi zuten Egunkaria-k
eta auzipetuek ez zutela ETArekin harremanik. Auzipetuei atzemandako
agirien itzulpenetan akats ugari zeudela zioten defentsaren perituek.
Guardia zibilen perituek ere deklaratu zuten eta, esaterako, esan zuten
faltsua zela Egunkaria-ren akziodunen datu basea edota ETAk erabaki zuela Martxelo Otamendi zuzendari izendatzea.
Otsailak 1. Orduan bukatu zen Egunkaria-ren
aurkako epaiketa, parteek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren
aurrean ondorioak irakurrita eta bost auzipetuek azken hitza esanda,
eta epaiaren zain geratu ziren. Fiskalak eta defentsak auzipetuen
absoluzioa eskatu zuten, haien aurkako frogarik ez zegoela iritzita.
Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte
arteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten auzipetuentzako. "Argi
geratu da letra gizonak garela, ez arma gizonak", esan zuen Joan Mari
Torrealdai auzipetuak bukaeran.
Apirilak 12. Espainiako Auzitegi
Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria,
Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin zuen, beraz, Egunkaria.
Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek
osatu zuten epaimahaia, eta aho batez hartu zuten erabakia.
Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin eta ez zuten
ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren
babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira
eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkaria-k
ez zuen "terrorismoa" goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta
oinarririk gabeak izan dira, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez
zen kontrol judizialik egon -torturak eta tratu txarrak jaso izana
salatu zuten-. Ikusteko dago Dignidad y Justicia eta AVT herri
akusazioek Espainiako Auzitegi Gorenera joko duten, helegitea sartuta. Hemen apirilaren 12ko sententzia.
Apirilak 25. Itxiera kasuko bost auzipetuen eta Euskaldunon Egunkaria-n
parte hartu zuten guztien izenean eskerrak emateko ekitaldia izan zen
Bilbon, Euskalduna jauregian, musikari, dantzari eta bertsolariak lagun
hartuta. Joan Mari Torrealdai auzipetuak gogoratu zuen auzi ekonomikoa
zabalik dagoela eta hor ere absoluzioa behar dela. Kazetako langile
ohien eta Egunkaria-ren aldeko batzordeetako ordezkariek ere
hitz egin zuten (Euskal Herri, Espainia eta Herrialde Katalanetakoek).
Ehunka herritarrez gain, euskal gizarteko ordezkaritza zabala izan zen
eskertza ekitaldian.
Maiatzak 4. Egunkaria-ren
itxiera kasuko absoluzio epaia behin betikoa eta irmoa bihurtu zen, AVT
eta Dignidad y Justicia elkarteek ez zutelako haren aurkako helegiterik
jarri Espainiako Auzitegi Gorenean —bi elkarteok apirilaren 29an
iragarri zuten ez zutela helegiterik aurkeztuko—. Apirilaren 12an
jakinarazi zuen sententzia Auzitegi Nazionalak.
Maiatzak 5. Jose Maria Vazquez
Honrubia Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaileak
jakinarazi zuen Auzitegi Nazionalak ez zuela Egunkaria-ko auzi
ekonomikoaren aurkako epaiketa egingo, eta auzia Donostiako epaitegira
igorriko zutela. Euskarazko kazetaren itxiera kasuko absoluzio epaiaren
ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian "delitu terroristaren"
zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra
ustezko iruzur fiskala litzatekeela —'ohiko delitua'—. Hori epaitzea ez
denez Auzitegi Nazionalaren eskunduntza, auzia Gipuzkoara pasatzeko
agindua eman zuen —Egunkaria-ren egoitza Gipuzkoan zegoen,
Andoainen—. Gaia Auzitegi Nazionalean zenean, zortzi auzipetu zeuden
auzi ekonomikoan, eta Dignidad y Justiciak 13 eta 26 urte arteko espetxe
zigorrak eskatu zituen haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere.
2011. URTEA
Martxoak 1. Dignidad y Justicia elkartea Euskaldunon Egunkaria-ren
auzi ekonomikotik kanpo utzi zuen Donostiako zigor arloko 3. epaitegiko
epaileak eta, ondorioz, elkarteak ezingo zuen herri akusazio gisa
aritu. Epailearen arrazoia: Dignidad y Justiciak ez du auzian
esku-hartzeko zilegitasunik, elkartearen estatutuen arabera
"terrorismoarekin" lotutako delituen kasuan bakarrik aritzeko helburua
duelako, eta Egunkaria-ko auzi ekonomikoan ez dago "terrorismoarekin" inolako loturarik. Elkarteak apelazio helegitea sartu zuen.
Abenduak 26. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Euskaldunon Egunkaria-ren
aurkako auzi ekonomikotik behin betiko kanpo utzi zuen Dignidad y
Justicia eta, ondorioz, elkarte horrek ezingo du herri akusazio gisa
aritu. Auzitegiko 3. salako magistratuek zioten Dignidad y Justiciak
"zilegitasunik" ez duela auzian parte hartzeko, bere estatutuen arabera
"terrorismoarekin" lotutako delituen kasuan soilik aritzeko helburua
duelako eta Egunkaria-ko auzi ekonomikoak ez duelako horrekin
zerikusirik, kazetako itxierako absoluzio epaiak dioen bezala. Beraz,
orain, herri akusaziorik gabe, ikusi egin behar da fiskala epaiketa
egitearen aldekoa den edo ez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario