jueves, 5 de abril de 2012

KULTURA ETA EUSKARA BULTZATZEN(ANTZERKIA EUSKARAZ)


Behar batetik sortutakoak

Artedrama topaketak egingo dira Aulestin zazpigarren aldiz jarraian datorren astelehenetik hilaren 15era

Bost mintegi trinko eta hainbat emanaldi eta ikuskizun antolatu dituzte
Igor Susaeta


Orain hiru urteko Artedrama Topaketetan parte hartu zuten ikasleetako batzuk, tailer batean. / MARISOL RAMIREZ / ARP
Arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenen topagunea izango da Aulesti (Bizkaia) datorren astean. Aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizale guztiei urtero zabaltzen zaien gunea. Izan ere, zazpigarren urtez jarraian Artedrama topaketak egingo dira han. Datorren astelehenean hasiko dira, eta, hilaren 15era bitartean, antolatzaileek atondutako bost mintegi trinko eta hainbat emanaldi zein ikuskizun izango dira.

Ander Lipusek, Iñaki Ziarrustak, Ana Elordik, Eñaut Gantxegik eta Asier Sotak emango dituzte ikastaroak. Aurreneko biak hamabi ordukoak izango dira, eta beste hirurak, zortzikoak. Profesional zein ikasleentzat da aurtengo edizioa; betiere, Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenen arteko eztabaidak eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin.

Garai batean, formakuntza topaketak egiten zituen Antzerkiola Imagionarioak Urduñan (Bizkaia). «Baina horiek nazioartekoak ziren, eta erdaraz, gainera», adierazi dute Artedrama topaketetako kideek. Oraingoak, aldiz, «behar batetik» sortu ziren: «Euskara hutsean formakuntza tailer batzuk eman nahi genituen». Eta herri bat aurkitzen hasi ziren Euskal Herri osoan. «Ea nor zegoen prest halako topaketa batzuk hartzeko... Eta Aulesti topatu genuen».

Kontzeptu herrikoia

Krisia dela-eta, Aulestiko Udalak ezin izango du aurten «gastu guztia» sostengatu. «Oraindik ez dakigu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak lagunduko diguten edo ez, baina arriskatu egin gara». Merezi duela uste dute. «Aulestin sekulako antzerki zaletasuna dago. Horrelako ekinaldiekin uste dugu sortzen dela antzerki herrikoiaren kontzeptua eta horrek eragiten duen sozializazioa oso aberasgarria dela. Kontzeptu horrek, bere apaltasunean, sekulako bizitza ematen dio uneari eta tokiari». Eta hori dena euskaraz: «Beste konplizitate bat lortzen dela uste dugu».




Ander Lipus. Topaketen antolatzailea
«Euskal antzerkiaren uhartean erreferente bihurtu nahi dugu»
I. S.
Topaketari buruzko hitz, hausnarketa bakoitzean nabaritzen zaio gogotsu dagoela Ander Lipus aktore eta zuzendariari (Markina-Xemein, Bizkaia, 1971).

Zein helburu dute Artedrama topaketek?

Bi zutabe dituzte. Alde batetik, aktoreei antzerkirako formakuntza euskaraz ematea. Eta, bestetik, Aulesti bera Euskal Herriko antzerki zirkuituaren plazetako bat bilakatzea. Programazio hori egiterakoan, gainera, kontuan hartu dugu Iparraldean egiten dena; bai talde profesionalena, bai amateurrena.

Aurten, hamahiru ikaslerekin lan egingo duzue. Zein da haien profila?

Denetarikoa, egia esan. Batzuk, ia-ia, urtero etortzen dira. Ba, ez dakit... Badira, adibidez, Madrilen ikasketak egin dituztenak, jakintza gehiagorekin datozenak... Asko, bestalde, hasiberriak izaten dira, edo haien herriko antzerki talde amateurretan aritzen direnak. Gehiago ikasi nahi dute, eta ikastaro hauek baliatzen dituzte horretarako. Debatik dator bat, Markinatik lau, antzerkiaren inguruan tesi bat egiten ari den beste bat, Resaden [Madril] ikasitako nafar bat...

Aurreko urteetako esperientzia kontuan hartuta, zer sortzen da halako topaketetan? Zer nabarmenduko zenuke?

Uste dut gure lana ezagutzera ematen dugula; bestela, batzuetan, antzerkian ibiltzen garenok bakartuta gaudela dirudi. Izan ere, talde bakoitzak bere mundua dauka... Topaketa honekin, hortaz, komunikazio moduko bat zabaltzen da. Askotan, adibidez, irakasleak ikasleak ikusi izan ditu tailerretan, eta haien lanetarako hautatu izan dituzte gerora. Halako gauzak gertatzen dira. Aldi berean, Iparraldean egiten den antzerkiarekin zubi bat eraikitzen dugu. Izan ere, badaukagu muga moduko bat Iparraldean egiten denarekin.

Zer landu nahi izan duzue aurten?

Iaz, esaterako, berezitasunetako bat zen irakasle guztiak emakumezkoak zirela. Aurten, berriz, betiko dinamikari eutsiko diogu. Tira, ekonomikoki, agian, aurreko urteetan eduki ez dugun gabezia bat daukagu. Halere, Aulestiko Udalak kristoren esfortzua egin du aurtengoa ere egiteko, eta nik hori nabarmenduko nuke. Halako proiektuak kolokan egoten direnean, normalean erori egiten dira. Guk, ordea, eutsi egin diogu; datozen urteetan ere bide beretik jarraitu nahi dugu, eta proiektu hau euskal antzerkiaren uhartean erreferente bihurtu.

Ez al da jada?

Tira, baietz esango nuke. Asteburuetan-eta batez ere, azken urteotan 300 bat pertsona bildu izan dira emanaldietara. Eta ez soilik Aulestikoak; Berriatukoak, Markinakoak, Gernikakoak, Lekeitiokoak... Eta Bilbo eta Azpeitikoak ere bai, besteak beste. Aste barruan ere kristoren giroa egoten da. Aulestiren moduko herri batentzat bat-batean hor sortzen den saltsa oso polita izaten da, eta proiektua herrikoitzen du.

Herritik herrirako proiektua izanik, asetzea handiagoa izaten al da bukaeran?

Bai, hori oso argi daukagu. Bitartekariak ofizioa ondo ezagutzen dugunak izateak pila bat aldatzen du egoera. Komatxo artean, politika kulturalak eraiki behar badira, hortik eraiki behar dira.




Egitaraua
Hilak 9, astelehena. Joxe Mari Carrereren Maitasunaren arbola ipuin kontaketa, udal aretoan, 21:00etan.

Hilak 10, asteartea. Aldatzen laguntzen taldeak Ispilua antzezlana antzeztuko du, udal aretoan, 21:00etan.

Hilak 11, asteazkena. Traboules taldeak Tzimi txotxongiloen ikuskizuna eskainiko du, udal aretoan, 21:00etan.

Hilak 12, osteguna. Axt teatroa taldeak Gabriel Gabrielle obra taularatuko du, udal aretoan, 21:00etan.

Hilak 13, ostirala. Gloriaren kantua lana antzeztuko du Khea Ziater taldeak, udal aretoan, 21:00etan.

Hilak 14, larunbata. Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak Xentimorik gabe lana antzeztuko dute, udal aretoan, 21:00etan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario