martes, 15 de mayo de 2012

HEZKUNTZAREN PAPERA BIZIKIDETZA BULTZATZEKO EUSKAL HERRIAN??

Malmstromek dio prest dagoela Europa bizikidetzan laguntzeko

Europako Batzordeko komisarioa Euskal Herriko egoerarekin itxaropentsu azaldu da, baina zehaztu du «asko» dagoela egiteko

Lehendakariak elkarbizitzarako oinarriak adosteko ahalegina eskatu die «guztiei»
Aitziber Laskibar Lizarribar Bilbo
Patxi Lopez, Cecilia Malmstrom eta Rodolfo Ares, atzo, Memoria eta Bizikidetzari buruzko Biltzarraren hasiera ekitaldian. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Elkarbizitza, memoria eta biktimak izan dira hizpide nagusi Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarra hasteko ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak antolatuta ari dira egiten, Bilbon. Aurrera egiteko atzera begiratu beharraz ohartarazi dute parte hartzaileek; iragana «onartu», eta, bestelako etorkizuna eraikitzeko, esperientziatik ikasi beharraz. Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Barne gaietarako komisarioa izan da partaideetako bat, eta itxaropentsu azaldu da biltzarrari hasiera emateko ekitaldian. Hala ere, esan du oraindik asko dagoela egiteko, eta Europatik laguntzeko prest ere agertu da.

«Europako Batzordea prest dago euskal gizarteari bizikidetza lortzeko babes osoa emateko», adierazi du Malmostromek. Euskal Herriak bizi izan duena «izugarria» izan dela esan du. Baina «Espainiako gizarteak eta euskal gizarteak determinazio eredugarria» erakutsi dutela eta horrek emaitzak eman dituela.

Komisarioa baikor dago ETAk jardun armatua etetea iragarri izanak sortutako egoerarekin. Gogorarazi du indarkeria bertan behera utzi duela, baina adierazi du oraindik urrats gehiago egin behar direla, eta horiek ere etorriko diren sinismena azaldu du. Areago, ETAren azken komunikatuak irakurrita, erakunde armatua desegin egingo den «esperantza handia» du Europako Batasunak, Malmstromek esan duenez.

Halere, aurrera begira gehiago egin behar dela adierazi du. Memoria aipatu, eta biktimak hartu ditu hizpidetzat: «Ezin da ahaztu iragana eta biktimen sufrimendua; iraganik eta etorkizunik gabe geratuko gara bestela».

Biktimekin lan egiteko beharra plazaratu du, eta zehaztu horien sufrimenduak eragindako mina aurrera begirako indar bihurtzen ahalegindu behar dela. Alde horretatik, «erradikalizatzearen aurka borrokatu» behar dela ohartarazi du.

Iraganari begiratu beharrari eutsi dio Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere. Aurrera egiteko nahi du, ordea, atzera begiratu: «Iraganera begiratzea ez da mendekurako arrazoiak bilatzea. Iraganera begiratzea ikastea da».

Egia argitzeko eskatu du. Gertatutakoa ezagutu eta onartzea. «Ezin dugu terrorismoaren orrialdea pasatu kapitulu hori irakurri barik». Aurrera elkarrekin joan behar dela esan du Lopezek. Hori dela eta, Jaurlaritzak antolatutako biltzarrean «askotariko ahotsak» bildu dituela: «Gertatu zaigunari buruz hausnarketa kolektiboa egiteko». Hala ere, «terroristak eta biktimak» ezin direla alderatu ohartarazi du lehendakariak, parte hartzaileen aniztasunean hankamotz ageri den kongresuan. Adierazi du ez duela onartuko «Euskadin terrorearen konplizeak izan direnak terrorismoaren amaieraren bermatzaile gisa agertzea».

Elkarrekin aske bizitzeko

«Kapitulua irakurrita orria pasatu» behar dela dio Lopezek; aurrera begiratu eta «elkarrekin aske bizi» beharra dagoela. Horrek «desberdintasun politikoak eta identitate aniztasuna onartu eta errespetatzea» esan nahi duela azaldu du lehendakariak.

«Etorkizuna eraikitzera» dei egin du, beraz; «batzen gaituena indartuta». Berdintasuna ere ezinbestekoa dela esan du: «Guztientzat eskubide, lege eta arau berak» izatea errespetatu behar dela, «herritar bakoitzak bere hizkuntza, erlijio eta identitatea askatasunean bizi dezan». Etorkizun partekatua eraikitzeko elkarrekin bizi nahi izatea beharrezko dela ere esan du, «horrek sortzen baitu herri bat».

Hortaz, «Euskadiko herritar, indar politiko eta gizarte eragile guztiei» mintzatu, eta «bizikidetzarako ahalegin kolektiboa» eskatu du. «Bizikidetza ezin da dekretuz eraiki», adierazi du; «borondateak batu eta batasun sozialerako baldintzak adostea da bizikidetza; ziklo terrorista amaitu nahia biltzea, datorren elkarbizitzarako oinarriak adostuta».


 
Biktima batzuk bazter utzi dituztela salatu dute
Egiari Zor fundazioak kritikatu du Bilboko biltzarrari «asmo politikoa» dariola
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Bilbon antolatu duen Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarrean hainbat kolektibo bazter utzi izana salatu dute. Atzo hasitako biltzarra estatuaren indarkeriak eragindako biktimen kasua da, Egiari Zor fundazioak ohartarazi zuenez. Fundazioak kritikatu du Bilboko biltzarrari «asmo politikoa» dariola, eta uste du biltzarraren «ezaugarria» ilustratzen duela biltzarraren amaierako ekitaldirako programatu den Espainiako Gobernuko Barne ministro Jorge Fernandez Diazen parte hartzeak.

Egiari Zor fundazioarentzat, «baztertzailea» da Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarra, eta han irudikatuko dena «zati baten kontakizuna» izango da.

«Galdutako aukera handia»

EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek ere uste du biltzarrean ez daudela «ahots guztiak». Horregatik, Ortuzarren hitzetan, atzo hasitako biltzarra «galdutako aukera handia» da. Jaurlaritzak biltzarraren berri lehen aldiz eman zienean «gauza ireki bat» egiteko asmoa zuela adierazi du Ortuzarrek, «baina hasierako planteamendutik oraingora oso alde handia dago». «Memoriaz eta bizikidetzaz mintzo bagara, ahots guztiek egon behar dute», azpimarratu zuen BBBko lehendakariak.

EAko idazkari nagusi Pello Urizar ere kritiko mintzatu zen biltzar horri buruz. Herri Irratian egin zioten elkarrizketan, Urizarrek esan zuen «beldurra» eragiten diotela «askatasunari buruz» mintzatzearekin batera «betoa erabiltzen dutenek».

No hay comentarios:

Publicar un comentario